
Zerbitzu hau joan den larunbatean, abuztuaren 9an, itxi zen erakunde publikoek emandako erantzunaren ondoren
Uztailaren 23an, Caritas Gipuzkoak, Amarako komunitate kristauarekin batera, Aldi baterako Elkargunea jarri zuen abian kale egoeran eta asiloa eskatzeko zain zeuden Saharaz hegoaldeko migratzaile ugariri lehenengo erantzun bat emateko.
Joan den ostiralean, abuztuaren 8an, Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak egoera honi erantzun bat eman zioten, pertsona hauei Oñatiko Arantzazuko aterpetxe batera joateko aukera eskainiz. Bertan, bere behar batzuk duinago asetzeko aukera izango dute. Lekualdatze honekin Amarako zerbitzua irekitzera eraman gintuen larrialdi egoera amaitu da eta, horrenbestez, larunbat honetan, hilaren 9an, elkarguneak ateak itxi zituen.
17 egunez, Caritas Gipuzkoak eta Amarako komunitate kristauak migratzaileak egunero hartu dituzte, entzute aktiboa, giza gertutasuna eta atseden hartzeko leku segurua eskainiz; baita oinarrizko beharrak asetzeko laguntza ere, hala nola, elikadura, arropa edo telefono mugikorrak kargatzeko aukera. Besteak beste, 360 otordu banatu dira.
Eskerrik beroenak komunitateari
Caritas Gipuzkoak bihotz-bihotzez eskertu nahi dio Amarako Errosarioko Andre Mariaren parrokiari bere lokalak eskuzabaltasunez utzi izanagatik, Caritaseko boluntarioei eta laguntzera hurbildu diren guztiei: denbora eskainiz, ekarpen ekonomikoak eginez edo pertsona hauen errealitatearen inguruan interesa erakutsiz. Haien prestutasun eta ekarpenari esker, gertutasunez, harrera xumez eta giza-berotasunez betetako egunak bizi izan ditugu. Era berean, eskerrak eman nahi dizkiegu pertsonak artatzeko produktuak eman dizkiguten enpresei.
Aste hauetan, Afrikako Saharaz hegoaldeko gerratik ihesi datozen pertsonen errealitateari aurpegia jartzeko aukera izan dugu; eta sufrimendu handiko egoerak bizi arren, errespetuzko eta eskertzeko jarrera eredugarria erakutsi digutenen istorioak gertutik ezagutzeko.
Hutsune instituzionalen aurrean, harrera duin eta inklusibo baten aldeko konpromiso iraunkorra
Aldi baterako Elkargune honek ateak itxi baditu ere, Caritas Gipuzkoak migratzaileen errealitatearen aurrean adi eta konprometituta jarraitzen du, bereziki nazioarteko babes-eskatzaileentzako zerbitzuetan dagoen saturazio egoera ezagututa.
Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako erantzunaz pozten gara, harrera-baldintza minimoak bermatzeko erantzukizun publikoaren lehen urrats gisa ulertzen duguna. Topagune hau martxan jarri izana nazioarteko babes-sisteman dauden hutsuneen aurrean giza elkartasunaren adierazgarri izan da beste behin.
Izan ere, Caritasek eta beste gizarte erakunde batzuek Espainiako nazioarteko babes-sistemak gabezia larriak dituela salatu izan dute: harrera-plaza nahikorik eza, eskaerak izapidetzeko atzerapenak eta asilo-prozeduraren eta bestelako erregularizazio-bide batzuen (errotzea, esaterako) arteko bateraezintasunak lege-babesgabetasun eta bazterketa egoerak sortzen baitituzte.