
Gernikako piperrak eta Tolosako babarrunak Altzako Merkatuan
Larunbat honetan, garaian garaiko eta Tokian Tokiko Produktuen Kilometro Zeroa izango da Altzako Harria Plaza. Bertan aurkituko ditugu goiz goizetik aperitifaren ordua iritsi arte inguruko baratz urbanoetan mimoz ondutako barazkirik eta lorerik ederrenak, gozoenak, natural naturalenak: piperrak, porruak, marrubiak ere.
Bertako produktuen merkatua, azoka, salgunea izango dugu kasta handiko auzo Donostiako honetan. Lurrari eskatu genion laguntza, konplizitatea ere. Eta hain eskuzabala den lur emankor honek gure sukaldea, gure mahaia kolore biziz eta zapore miresgarriz apainduko dituzten azenarioak, tomate txikitxoak, babarrunak, brokolia eta abarrak sortzen lagundu gintuen, uda bukatzear eta udazkena hastear zela.
Salgai izango dira larunbatean, trikitixaren soinu artean; jendea, auzokoak zein Donostiako beste barrutietatik etorritakoak, ustekabez hartuz.
Ahoa bete hortz eta begiak bete sorpresa ibiliko dira denak postuz postu; zer aukeratu, zer erosi, nola sukaldatu jakin barik, ikasi nahian.
Merkatua. Altzan. Plazatik hurbil dauden lur eremuetan hazitako produktuak salgai, Dastagai. Tentazio. Arrimatu zaitezte. Izango dira gero beste aukerak baina larunbatekoa duzue estreinakoa. Ez galdu. Gainera, produktu horiek, lurraren laguntza paregabeaz sortu dituzten kide majoak ezagutzeko parada izango duzue. Larunbatean, laborariak bihurtuko baitira saltzaile. Eta aholkulari.
Etor zaitezte. Bezalakorik ez duzue orain arte ikusi. Ziur naiz. Hiria, Altzan baratz bihurtzen da. Izan zaitezte lekuko.
Begoña del Teso
ALTZA - BARATZEA
Baratze ekologikoa Molinaoko bidean