fbpx BABES PUBLIKOAREN eta KOMUNITATEA ERAIKITZEAREN ALDE | Caritas Gipuzkoa Skip to main content
BABES PUBLIKOAREN eta KOMUNITATEA ERAIKITZEAREN ALDE
BABES PUBLIKOAREN eta KOMUNITATEA ERAIKITZEAREN ALDE
MABEL CENIZO

 

 
Egun hauetan asko hitz egingo dugu osasun-pandemiaren eraginaz eta gure ohiko bizimoduan izan dituen ondorio emozional, sozial eta ekonomikoez. Ildo horri eutsiz, CARITAS GIPUZKOAk, urteurren honetan, gizarte bezala bizitzen ari garen ikuspegien puzzlea osatzen lagundu nahi du. 


Bi hausnarketa eta horiek tarteko sortzen diren zenbait gai partekatuko ditugu. Lehenengoak, familia kalteberenek jasandako eragina du hizpide; bigarrenak, berriz, pandemia dela eta, suspertu den elkartasun-erantzun handia. 


Familiek, enpleguak, hezkuntzak eta beste hainbat arlok jasan dituzten ondorio sozioekonomikoak bistakoak dira. Halaxe islatzen dute hainbat gizarte eragileren datu objektiboek. CARITAS GIPUZKOAk ere antzeman du joan den urteko martxotik lagundu dituen pertsona eta familien sufrimendu hau. Azken urtean artatu ditugun familien %25ek ez zuen CARITAS GIPUZKOAren laguntzarik behar pandemia hasi baino lehen. Pertsona talde horrek gure laguntza behar izan du nagusiki hiru arrazoi hauengatik: 

 

-Beraientzat, COVID-19aren aurreko egoera oso ezegonkorra zen jada (enplegu ezegonkorra edo informala, legez kanpoko administrazio egoera…).

-Babes sozialeko sistemek, indarrean daudenak edo abian jarritakoek, ez dituzte kontuan hartu beren arreta-politiketan; esaterako, ABEEE (Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedienteak), BGDS (Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarrera) edo DSBE (Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta) lortu ezin izan duten pertsonak. 

-Familia eta komunitate-sareak murritzak edo ahulak dituzte halako krisiari aurre egiteko. 


Hiru arrazoi horiengatik, CARITAS GIPUZKOA behatoki berezia da. Azkeneko arreta-sare soziala gara pertsona eta familientzat. Izan ere, desabantaila sozial handia dutenean bertaratzen dira guregana. Hiru arrazoi horietatik bi galdera bihurtu daitezke, eta, ondorioz, eztabaidaren taulara itzul daitezke, berreraikuntza soziopolitikoa xede. 


Posible al da tresna sozialak sortzea eta gizarteko egoera prekarioak eta desabantailak alderantzikatzea, krisi honek eta ondorengoek familia horiengan eragin txikiagoa izan dezaten?


Politika publikoek beren gizarte-babesa zabaldu eta hedatu al lezakete pertsona orok gutxieneko diru-sarrerak, elikatzeko segurtasuna, etxebizitza eta mantenua, eta kalitatezko hezkuntza, lortzeko?  


Batetik, pandemiak, pandemiak argitara atera ditu gizartean babesik ez dutenen aurpegiak: etxerik gabeko pertsonak, haur pobretuak, etxeko lanetan eta zaintzen sektorean aritzen diren emakumeak, etxean indarkeria jasaten dutenak edo prostituzioan dihardutenak, legez kanpoko egoeran dauden migratzaileak… Beren bizi-proiektuetan hauteman dira arreta eta babes sozialerako politika publikoen urritasunak.  


Hala eta guztiz ere, politika publikoak eraginkorrak direla erakutsi dute milaka etxeri eutsi eta babesa emateko, erantzuteko, kudeatzeko nahiz finantzatzeko duten gaitasuna kontuan hartuta; besteak beste, ABEEE moduko presazko neurriak ezartzen baitituzte; edo kalean gauak pasatzen dituzten pertsonak ostatatzen dituztelako. Horrenbestez, horiek eman behar dute arreta eta behar den babes soziala, gizarteko sektore ahulenak aintzat hartuta. 


Pandemiak ere, ikaragarrizko elkartasun-erantzuna eragin du. Ia hasieratik ikusi dugu pertsona mordoak beren bizilagunak zaindu edo entzun dituztela, ala arreta eman dietela, eta zein eskuzabalak izan diren CARITAS GIPUZKOA bezalako erakundeekin. 


Humanizazio-olatu batek, boluntario izan nahi duten 400 pertsona baino gehiago jarri ditu gure ate aurrean. Berriz asmatu behar izan dugu gure jarduera soziala gizarte-distantziaren eta konfinamenduaren testuinguruan. Elkartasun gaztea; bakardade, eragin emozional zein pobreziaren eraginen arduradun sentitzen dena, eta CARITAS GIPUZKOAn konfiantza duena; mundu bidezkoago bat eraikitzeko duen ereduan. 


Lehen azaldutakoaren ildotik, familia- eta komunitate-sare sendorik ez izatea arrisku soziala da. Faktore horri erreparatuz, arestian aipatu dugun opariari esker, komunitatea eraikitzeko orduan eragile gisa jarduteko erantzukizuna dugu, bitartekaritza-lanetan. Hau da, elkartu egin behar ditugu lagundu nahi duten pertsonak harreman sozialak ahulduta dituzten pertsonekin; izan ere, norbaitek entzun eta zaindu ditzan, eta laguntza emozionala eman diezaieten behar dute. 


Elkartasun eskuzabal horrek berriz aukera ematen digu komunitate abegitsuak eraikitzen laguntzeko; egoerak partekatu eta gainditzeko elkartzen diren bizilagunak. Erronka horrek CARITAS GIPUZKOA bezala, komunitatea oinarri duen erakundea, topaketaren eta mahai partekatuaren kulturara itzularazten du. Azken batean, Elizaren izaera bera; hots, zaindaria eta munduari irekia dagoen komunitatea. 

 

Egin dohaintza edo elkartu gure lanarekin

Elkarlanean aritu gure herri eta hirietan behar gehien duten pertsonei laguntzeko. Zure ekarpenak lagun ditugun pertsonen eta familien bizitza hobetzen du. Elkarrekin gizarte justuagoa eraikitzen dugu.