fbpx BAT EGIN DEZAGUN! | Caritas Gipuzkoa Skip to main content
BAT EGIN DEZAGUN!
BAT EGIN DEZAGUN!
Imagen de un árbol con texto

Bat egin Justiziaren alde! Estu lotu. Irmo batu. Egizu Justiziaren alde. Kanpainak 34 egun iraungo ditu. Baita 34 gau ere. 34 aldiz argituko da eguna, eta 34 ilunduko gurean, Bat egin Justiziaren alde izeneko kanpaina amaitu aurretik. Ez eman amorerik serio eutsi baizik. 

Planeta behar dugu zaindu. Planeta-kideok elkar sostengatu behar dugu. Planeta-enea. Planeta dugu etxe. Etxe bakarra eta etxekalte bagabiltza, denon galera sortuko da, dugu. Lurra eta itsasoak zainduz gero, pobreziari egiten diogu aurre. Serio. Alai.

Jainkoaren esanetara, lagun hurkoaren zerbitzura, gure burua ere salbatu  arren.  Eman zizkigun Jaunak, opari eta obligazio, lurrazalean diren hazidun landare guztiak  eta hazidun fruta-arbola guztiak. Esan zien gure antzinako gurasoei, horiek izango zituztela janari. Izendatu gintuen gu eta gure arbaso eta ondorengoak planeta honen nagusi. Idatzia dago: “mendera itzazue itsasoko arraiak, zeruko hegaztiak eta lurrean narraska dabiltzan pizti guztiak”. 

Esana da, idatzia da.  Baina Goiko Jaunak ez zuen esan nahi bizidun eta hazidun guztien kontra egin behar genuenik triskantza, sarraskia. Ez zuen esan nahi basoak akabatzeko baimena genuenik. Lurra eman zigun. Eta ozeanoak. Baina ez suz, ez aizkoraz, ez plastikoz deuseztatzeko. Ez zigun baimendu beste gizakiak esklabo moduan mantentzea.

Ahaztu dugu ordea. Erraz ahazten dira eginbeharrak. Erraz alboratzen dugu norberaren erantzukizuna. Jainkoarekiko, gure aldamenekoarekiko, planetarekiko. Beste bizidunekiko. 

Horrexegatik, saia gaitezen 34 gau eta egunez, hortaz hausnartzen. Saia gaitezen bi aldiz pentsatzen auskalo non, auskalo zeinek, auskalo zein baldintzetan eginiko elastiko merke-merke hori erosi aurretik. Galdetu dezagun nondik datorren itxura onekoa izan arren, gure merkatal guneko apaletara iritsi orduko, mila kilometro korritu dituen fruta hori… Esan beharko digu inork ea hain prezio onean saltzen duten arrain hori, bertako espezieak desagertu diren leku batean ez ote duten hazi..

Bada gauza makina bat egiteko planeta zaintzeko. Jainkoak bazekien, Profetak bazekien. Asiseko Frantziskok ere. Eta Tarsoko Pablok. Badakigu planeta osoa ezin dugula zaindu  baina bai ordea gure etxe ondoko jardinak, baratzak, arbolak, errekak. Badakigu ezin ditugula esklabo diharduten guztiak askatu baina bai galdetu; ea teknologia-trafikatzaileen eskuetatik (eta patriketatik, eta kontu korronteetatik) pasa ez diren telefono adimentsurik duten dendan.

Horrela, pobreziaren kontra egingo dugu, Aita Santuak eta biziak berak eskatu ziguten legez. Horrela, akaso, agian, baliteke, salbatuko dugu planeta.

34 gauez, 34 egunez iraungo du kanpainak. Baina bukatu bezain pronto, segi martxan, segi segan. Segi libre besteak ere libre izan zaitezten. Bat egin Justiziaren alde! Kantu zaharrak dion bezala, Danak berdinak einak gire. Zuek eta bai gu ere. Dio ere abestiak  hemen gire. Justu hemen, zaindu behar dugun planetan. Gau eta egun.
 

 

Egin dohaintza edo elkartu gure lanarekin

Elkarlanean aritu gure herri eta hirietan behar gehien duten pertsonei laguntzeko. Zure ekarpenak lagun ditugun pertsonen eta familien bizitza hobetzen du. Elkarrekin gizarte justuagoa eraikitzen dugu.