fbpx BATZARRA 2026: "Ez diezagutela sinetsarazi ezin dela ezer egin" | Caritas Gipuzkoa Skip to main content
BATZARRA 2026: "Ez diezagutela sinetsarazi ezin dela ezer egin"
BATZARRA 2026: "Ez diezagutela sinetsarazi ezin dela ezer egin"
asamblea26

Ehun lagun inguruk parte hartu zuten ekainaren 6an Caritas Gipuzkoaren 2026ko Batzarrean, «Errealitatea entzun, itxaropena berritu» lelopean. Topaketak gaur egungo gizarte-erronkei buruz hausnartzeko, 2025eko Memoria Instituzionala aurkezteko eta erakundeak zaurgarritasun egoeran dauden pertsonekin duen 60 urteko konpromisoa ospatzeko balio izan zuen.

Fernando Prado Donostiako gotzainak eman zion hasiera jardunaldiari, Caritas Gipuzkoak Elizaren karitate antolatuaren adierazpen gisa egindako ibilbidea nabarmenduz. Era berean, boluntariotzaren ezinbesteko ekarpena azpimarratu zuen, Caritasen jardueraren oinarrizko zutabeetako bat izaten jarraitzen baitu.

Goizeko une nagusia Marina Sánchez-Sierra FOESSA taldeko ikertzailearen eta Imanol Zubero soziologo, EHUko irakasle eta FOESSA-Euskadi txostenaren koordinatzailearen hitzaldien eskutik etorri zen.

Marina Sánchez-Sierrak gogorarazi zuen Euskadik Estatuko batez besteko baino gizarte adierazle hobeak dituen arren, gizarteratzea ahulagoa dela gaur egun, eta pertsona askok edozein zailtasunen aurrean hautsi daitekeen zaurgarritasun egoeran bizi direla. Gazteen egoerarekiko kezka ere agertu zuen, emantzipatzeko zailtasunek, lan-prekaritateak eta etxebizitza eskuratzeko gero eta oztopo handiagoek baldintzatuta. Haren esanetan, errealitate horrek ziurgabetasuna eta etsipena sortzen ditu, eta diskurtso sinplifikatzaile eta polarizatzaileak hedatzea errazten du. Ikertzaileak komunitate-loturen ahultzeaz eta horrek pertsonen bizitzan duen eraginaz ere ohartarazi zuen.

«Gizarteratzea gaur egun hauskorragoa da, eta pertsona asko edozein zailtasun berriren aurrean apurtu daitekeen zaurgarritasunean bizi dira». Marina Sánchez-Sierra

Testuinguru honetan, gizarte-arazoak saihestezinak direla ez onartzearen beharra defendatu zuen. «Garrantzitsuena da ez diezagutela sinetsarazi —edo geuk gure buruari sinetsarazi— ezin dela ezer egin», adierazi zuen. Ezintasuna sentitzearen aurrean, ekintza kolektibo txikien balioa aldarrikatu zuen: «Bakoitzak egiten duena txikia izan daiteke. Nahikoa ez dela iruditu daiteke. Baina horrek guztiak bilatzen ari garen eraldaketan laguntzen du».

Imanol Zuberok, bere aldetik, itxaropenaren esanahiari buruz hausnartzera bideratu zuen bere hitzaldiaren zati nagusiena. Gogorarazi zuen itxaropena ez dela optimismoa, ezta norberaren borondatez sor daitekeen jarrera bat ere, baizik eta jasotzen den eta zaindu behar den dohain bat. «Itxaropena ariman pausatzen den luma da», adierazi zuen, Emily Dickinsonen bertso batzuk gogora ekarriz.

Zuberok bertaratutakoei gonbita egin zien beren buruari galdetzeko ea beste pertsona batzuek haietan itxaropen hori antzeman dezaketen moduan bizi ote diren. Komunitatearen, elkar zaintzaren, memoria partekatuaren, isiltasunaren, doakotasunaren eta borroka kolektiboen garrantzia nabarmendu zuen, itxaropenak bere tokia aurkitzen duen gune gisa. Era berean, pertsonei segurtasunez bizitzeko eta etorkizunari begira proiektuak garatzeko aukera emango dieten baldintza material eta harremanezkoak berreraiki behar direla defendatu zuen. Horretarako, etxebizitza, diru-sarrerak eta zerbitzu publikoak bermatuko dituzten politika publikoak aldarrikatu zituen, eta topaguneak eta komunitatea indartzera deitu zuen.

«Zuek zarete etenaldi, zuek zarete mirari. Hori baita boluntario izatea». Imanol Zubero

Bere hitzaldiko une inspiratzaileenetako batean, boluntariotza «miseria, pobrezia, mina eta sufrimendua normalizatzen dituzten normaltasunak eteteko modu bat» dela adierazi zuen. «Boluntarioek mirariak egin behar dituzue», esan zuen, mirariak axolagabekeria hautsi eta gizatasunerako eta eraldaketarako bideak irekitzen dituzten seinaletzat hartuta. «Zuek zarete etenaldi, zuek zarete mirari. Hori baita boluntario izatea», ondorioztatu zuen.

Bi hitzaldien ondoren, publikoarekin solasaldi bizia izan zen. Bertan, parte-hartzaile askok gaur egungo gizarte-errealitateari eta hura eraldatzeko pertsona bakoitzak izan dezakeen paperari buruzko galderak, kezkak eta hausnarketak partekatu zituzten.

Batzarraren bigarren zatian 2025eko Memoria Instituzionala aurkeztu zuten José Ramón Aramendi Caritas Gipuzkoako zuzendariak eta Kontxi Elexpe erakundeko administratzaileak. Azken urtean egindako jarduera eta gizarte-ekintzaren datu nagusietako batzuk errepasatu zituzten. 2025ean, Caritas Gipuzkoak 10.183 pertsonari eman zien laguntza, 861 boluntarioren eta kontratatutako 74 profesionalen konpromisoari esker. Erakundearen jarduera-bolumena 9.461.467 eurokoa izan zen, eta horietatik 2.278.134 euro laguntza ekonomiko zuzenetara bideratu ziren.

Jardunaldia Patxi Aizpitarte gotzain ordezkariaren hitzekin amaitu zen. Hark Caritas Gipuzkoaren osasun ona eta babes publikoko sistematik kanpo geratzen diren pertsonei erantzuten jarraitzeko duen gaitasuna nabarmendu zituen.

Batzarra lunch baten inguruan elkarrizketak eta bizipenak partekatuz itxi genuen, giro hurbil eta atseginean. Une horrek aukera eman zuen 60 urte hauetan egindako bidea ospatzeko eta gehien behar duten pertsonekiko konpromisoa berritzeko.

 

Jarraian batzarreko bideoa duzue. Bertan, Imanol Zubero eta Marina Sánchez-Sierraren hitzaldi osoak entzun ditzakezue.

 

Egin dohaintza edo elkartu gure lanarekin

Elkarlanean aritu gure herri eta hirietan behar gehien duten pertsonei laguntzeko. Zure ekarpenak lagun ditugun pertsonen eta familien bizitza hobetzen du. Elkarrekin gizarte justuagoa eraikitzen dugu.