fbpx Batzen duten arrozak, zapore abegikorrak | Caritas Gipuzkoa Skip to main content
Batzen duten arrozak, zapore abegikorrak
Batzen duten arrozak, zapore abegikorrak
arroces

Zarautzek, apirilaren 26an, larunbata, topaketa berezi baten lehen edizioa hartu zuen. Euria gogoz ari bazen ere, lagun ugari elkartu ginen arroz-platera baino askoz gehiago partekatzeko.

“Zapore anitz” izenburupean, elkarrizketarako, dantzarako, barretarako eta gozatzeko espazio irekia izan zen. Boluntarioek, Caritasek lagundutako pertsonek, langileek, familiek eta Zarauzko bizilagunek giro bero eta biziz betetako espazio batean denbora eta mahaia partekatu genituen. Goiza are alaiagoa bilakatu zen Gotzonen trikitixaren (Zarauzko boluntarioa) eta bere taldearen doinuekin.

Sukaldean, programa desberdinetako parte-hartzaile eta boluntario ugar aritu ziren lanean: Trintxer-Emeki, Sorabilla, Hotzaldi, Aterpe, Bidelagun, Migratzaileen Pastoraltza... Denek eman zuten bere onena errezeta goxo eta askotarikoak prestatzen: arroz beltza, paella itsaskiekin, arroza haragiarekin, chaufa arroza (Peruko errezeta tipikoa), arroza barazkiekin eta oilasko-arroza. Bakoitzak bere historia zuen, bere zaporea eta bere esentzia. Errezeten arrakastaren adierazgarri , guztiak denbora gutxian amaitu izana.

Gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiogu Alzola Basque Water-i, dohaintzan emandako ur minerala sukaldatzeko eta zaporeak nabarmentzeko baliagarria izan baitzen. Kutxa Solidarioari  ere eskerrak, karpak uzteagatik; euritik babesteko eta topaketaren espiritua bizirik mantentzeko aukera eman baitzigun.

Goiz borobila izan zen, komunitate loturak indartzeko balio izan zuena, komunitate anitza, abegikorra, alaia.

Eskerrik beroenak topaketa hau posible egin zuten boluntario guztiei,  haien inplikazioagatik, maitasunagatik eta antolaketa bikainagatik; bereziki Zarauzko boluntarioei eta bertako parrokiako pertsonei. Eta eskerrik asko gerturatu zineten guztioi, partekatzera, ekarpena egiteko eta gozatzeko gogoz etorri zinetelako.

Arroza maitasunez prestatzen denean, etxeko zaporea du. Eta partekatzen denean, barrutik eraldatzen gaitu.  

 

 

 

Egin dohaintza edo elkartu gure lanarekin

Elkarlanean aritu gure herri eta hirietan behar gehien duten pertsonei laguntzeko. Zure ekarpenak lagun ditugun pertsonen eta familien bizitza hobetzen du. Elkarrekin gizarte justuagoa eraikitzen dugu.