Datorren otsailaren 7an, larunbata, Bidetik topaketaren edizio berri bat ospatuko dugu. Osasun Pastoraltzak, Espetxe Pastoraltzak, Caritas Gipuzkoak eta Donostiako Elizbarrutiak elkarrekin antolatzen dugun ekimena da, eta azken edizioen bidez interes handia piztu du osasun mentalaren arlo desberdinen eta horien bidelaguntzaren inguruan.
Horregatik, aurtengo edizio honetan arreta berezia jarriko dugu arlo medikotik harago dauden eragileek osasun mentaleko arazoen bidelaguntzan betetzen duten eginkizunean. 'Osasun mentalean prebentzioa eta bidelaguntza ehuntzen. Eginkizunak, mugak eta eragileen arteko koordinazioa' izenburupean, jardunaldi honek Caritasen eta pastoral soziokaritiboaren baitan bidelaguntza egiten duten boluntarioei eta lantaldeei osasun mentalaren ekosistemaren mapa ulergarri eta praktiko bat eskaini nahi die: zer eginkizun duten sare publikoak, familiek eta komunitateak, zer ekarpen egin dezakeen bakoitzak eta non dauden haien mugak. Jardunaldiaren helburua sare horri izena jartzea da, nola konektatzen den ulertzea eta bidelaguntza hobea egiteko oinarrizko irizpideak eskuratzea.
Eliza gisa egiten dugun proposamena ez da esku-hartze klinikoa ematea soilik, baizik eta askotariko eragileek osatzen duten sisteman orientatzeko gakoak izatea, artatu, eutsi eta bidelaguntza egiten duten eragile horien arteko laguntzak eta koordinazioak aktibatzea, pobrezia eta bazterketa egoerak, mendekotasuna edo espetxe-ibilbideak bizi dituzten pertsonei hobeto laguntzeko.
Gai hauek jorratzeko, Onintza Lasaren (Gizaide Fundazioko zuzendaria) hitzaldia izango dugu, FOESSA Euskadiren azken txostenak jasotzen dituen osasun mentalari buruzko datuen bidez testuingurua eskainiko diguna. Ondoren, Manuel Martín doktoreak (psikiatra eta Aita Menniko zuzendari medikoa) hitzaldi nagusia eskainiko du: 'Nork eusten du zer?: eginkizunak, mugak eta bidelaguntzaren jarraitasun erreala bermatzeko baldintzak'. Amaitzeko, eragile anitzeko mahai-inguru bat egingo da, eta bertan parte hartuko dute Iñaki Markez doktoreak (psikiatra, Neurozientzietako doktorea eta Norte de salud mental aldizkariko zuzendaria), Txaro Rodrigok (Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendekotasunaren eta Desgaitasunaren Arretarako zuzendari nagusia), Esther Maték (Izan Fundazioko Eraiki programarekin lotutako psikologoa) eta Ana Pañosek, Caritas Murciako lurralde-hurbiltasunetik bazterketa egoeran dauden pertsonei zuzendutako Fénix programa psikologikoko kideak. Hizpide izango duten gaia 'Osasun mentaleko laguntza-sistema: sare publikoaren, familien eta komunitatearen ekarpenak eta erronkak' izango da.
Jardunaldiaren helburuak:
-
Osasun mentaleko sare publikoaren eginkizuna ulertzea: arretan, bidelaguntzan eta jarraipenean dituen benetako aukerak eta mugak ezagutzea.
-
Osasun mentala eta bazterketa soziala gurutzatzen direnean sortzen diren arrakalak eta erronkak identifikatzea: sarbideko zailtasunak, jarraipena eta koordinazioa, eta horrek pobrezia eta bazterketa egoeran, mendekotasunean edo espetxera sartzeko/irteteko prozesuetan dauden pertsonengan duen eragina.
-
Familiak eguneroko sostenguaren zutabe gisa agerian uztea: zer eutsi dezaketen, zer ez luketen bakarrik eutsi behar, eta sistema publikoaren eta ingurune komunitarioaren zer laguntza behar duten gainkarga saihesteko.
-
Komunitatearen rola indartzea (parrokia, elkarrekiko laguntza, auzokidetza, pertenentzia-espazioak eta gizarte-sarea) faktore babesle gisa: sarrerako ateak, loturak eta bidelaguntzaren jarraitasuna nola sortu, eta eguneroko bizitzatik estigma nola murriztu.
-
Sarean orientatzeko eta lau zutabeekin koordinatzeko gako praktikoak eskaintzea: nondik sartu, nola lagundu deribazioetan eta itxaronaldietan, zer eskatu eta nola eskatu, eta osasun funtzioak ordezkatu gabe lotura eta komunitateko sostengua nola eutsi.
Bidetik jardunaldia otsailaren 7an, larunbata, egingo da, Donostiako Seminarioan, 10:00etatik 14:00etara. Amaieran hamaiketako txiki bat eskainiko da.Ohikoa denez, eta topaketaren antolaketa errazteko, aldez aurretik izena ematea eskatzen dizuegu ondorengo formularioaren bidez. Izena emateko azken eguna: OTSAILAK 4.
Eta jardunaldira etorri aurretik osasun mentalari buruzko Bidetiken azken edizioak gogoratu nahi badituzue, esteka hauetan duzue horien edukia:
Bertan espero zaituztegu!