fbpx Bizitzan zehar osasun mentalari buruz hausnartuz. Bidetik 2025 | Caritas Gipuzkoa Skip to main content
Bizitzan zehar osasun mentalari buruz hausnartuz. Bidetik 2025
Bizitzan zehar osasun mentalari buruz hausnartuz. Bidetik 2025
BIDETIK25

Bidetik 2025 jardunaldi aberasgarria izan zen, elkarrekin osasun mentalaren garrantziaz hausnartzeko eta bizitzako etapa ezberdinetan dituen erronkez hitz egiteko aukera eman ziguna. Gaiak interes handia piztu zuen, 250 lagun baino gehiago bildu baikinen Donostiako Seminarioan. 

 

Osasun Pastoraltzak, Espetxeko Pastoraltzak eta Caritas Gipuzkoak antolatuta, hiru adituren ekarpenak entzun genituen: Maitane Ormazabal, psikologoa, nerabezaroari buruz aritu zena; Erika Valero, erizaina eta soziologoa, lanak osasun mentalean duen eraginaz hitz egin zuena; eta Enrique Echeburúa, psikologo klinikoa, bizitzaren azken etapan zentratu zena. Moderatzaile gisa, Onintza Lasa, Gizaide Fundazioko zuzendaria izan genuen.

 

Donostiako gotzainak, Fernando Pradok, eman zion jardunaldiari hasiera, azpimarratuz: “Osasun mentalaren falta gure garaiaren ezaugarrietako bat izan daiteke”. Horren aurrean, komunitate kristauak pertsonen duintasunean sinesten duela gogorarazi zuen, eta itxaropena eskaintzeko gai dela nabarmendu.

 

· Nerabezaroa: dolu garaia eta presentziaren garrantzia

Maitane Ormazabalek ikuspegi ezohikoa eman zuen nerabezaroari buruz: “Dolu garaia da, eta inoiz baino gehiago behar gaituzte mugak markatzeko”. Azaldu zuenez, nerabeak etengabeko borrokan daude beren burua eraikitzeko, eta horretarako, heldu emozionalki eskuragarriak behar dituzte. Hala ere, hauek aurkitzea gero eta zailagoa dela ohartarazi zuen. Bere proposamena hiru hitzetan laburbildu zuen: konfiantza, onarpena eta presentzia.

 

· Lana eta osasun mentala: ikusezinak diren arriskuak

Erika Valerok lanak osasun mentalean due garrantzia azpimarratu zuen: “Osasunaren gizarte-determinatzaile nagusietako bat da”. Halaber, langabeziak pertsonen autoestimuan duen eragina nabarmendu zuen. Azaldu zuenez, lan prekarioa duten pertsonek hiru aldiz aukera gehiago dituzte estresa eta antsietatea jasateko, eta gehien kaltetutako kolektiboak gazteak, emakumeak eta etorkinak dira. Gainera, laneko jazarpenaz gain, beste arrisku batzuk ere badaudela azpimarratu zuen, hala nola lan-karga handiegia, babes faltak edo gehiegizko exijentzia. Abusu hauen aurrean, komunitate baten kide izatearen garrantzia azpimarratu zuen Valerok.

 

bidetik25_ponentes

 

· Zahartzaroa eta osasun mentala: bakardadea, osasun publikoko arazo gisa

Enrique Echeburúak gogorarazi zuen Euskadiko biztanleriaren ia laurdena 65 urtetik gorakoa dela, eta osasun mentaleko arazoen prebalentzia %13koa den arren biztanleria orokorrean, 70 urtetik gorako pertsonen kasuan %50era igotzen dela. Ohiko arrisku gisa depresioa, suizidio-arriskua, alkohol-abusua eta dependentziak eragindako indarkeria aipatu zituen. Baina bereziki azpimarratu zuen nahi ez den bakardadea, “osasun publikoko arazo” gisa definituz, 60 urtetik gorako pertsonen %24ri eragiten baitio. Hori prebenitzeko hainbat jokabide eta ohitura proposatu zituen: aktibo mantentzea, bidaiatzea, naturarekin harremana izatea, besteez arduratzea, elikadura zaintzea eta ariketa fisikoa egitea.

 

Bertan egon ezin izan bazenu edo hitzaldiak berriz entzun nahi badituzu, jarraiko bideoan aurkituko dituzu: 

 

Egin dohaintza edo elkartu gure lanarekin

Elkarlanean aritu gure herri eta hirietan behar gehien duten pertsonei laguntzeko. Zure ekarpenak lagun ditugun pertsonen eta familien bizitza hobetzen du. Elkarrekin gizarte justuagoa eraikitzen dugu.