
Urriak 10 honetan, Buruko Osasunaren Munduko Eguna dela baliatuz, hainbat gairi hurbiltzen gatzaizkio berriro ere; alde batetik, gizarte mailan gogoeta bat eskatzen duten hainbat gai azaleratzen ditugu eta bestalde, ongizate kolektiboan ardura duten erakundeek hartu beharreko erantzunkizuna mahaigaineratzen dugu.
Aurtengoan, gure gogoetak lan eremuan ardaztuko ditugu. Ordainduriko lanaren eta buruko osasunaren arteko harremanean.
OME-k dionaren arabera, lanak buru osasuna babestu dezake; are gehiago, lan egokiak osasun mentala sustatu dezake. Horregatik da hain garrantzitsua osasun mentalerako arriskuak arintzen edo desagerrarazten dituzten lan-ingurune eta baldintzak sortzea.
Gainera estatuko estatistika erakundeak 2020ean argitaratutako datuen baitan, ezgaitasuna duten pertsonen artean, buruko osasuneko arazoak dituztenek langabezi tasa handienak pairatzen dituzte; zehazki, iturri berdinen arabera, %17koa da haien langabezi tasa. Beste modu batera esanda, buruko osasun arazoak dituzten pertsonen %80 lanik gabe dago.
Gogoeta gure errealitatera ekarriz, “Euskadiko Osasun Mentaleko Estrategia 2023-2028” txostenean ezartzen den helburuetako bat, buruko osasuneko arazoak dituzten pertsonen enplegarritasuna sustatzea da, horretarako beharrezko giza babesak jarriz.
Egiazki, gizarte inklusibo eta solidarioaz hitzegiten dugunean, bizitzako arlo ezberdinetan aukera berdintasuna duten giza komunitate bat bistaratzen dugu. Ondorioz, aurrez azpimarraturiko datuek , benetan “guztien artean” eta “guztiontzat” den gizarte bateko parte izan nahi badugu, oraindik ere bide luzea geratzen zaigula agerian uzten dute.
Ordainduriko lanak, diru-iturri izateaz gain, edo agian horregatik, bizitzako beste arlotako behar edo nahiak betetzea ahalbideratzen du; esaterako, sare soziala izan, autopertzepzioa hobetu, autobalorazioa, autoestima, etab.
Ondorioz, zera aldarrikatu behar dugu dagokion lekuan eta dagokionari: lan erantzunkizunak duten exijentzi mailari norberak bere gaitasunetik erantzun baldin badiezaioke, egin dezala. Gure eginbeharra, lan esparruan bere ekarpena egiteko saiatzen den horri lagundu eta babesa ematea dela uste dugu.
Gizaiden argi daukagu.
Onintza Lasa,
Gizaide Fundazioa -ko zuzendaria.