- Erakundeak etxerik gabeko 1.478 pertsonari lagundu die urtarriletik irailera bitartean
- Bizitegi-bazterketa egoera larrienek etxebizitza-politika publikoetan lehentasuna izan dezatela eskatu du Caritas Gipuzkoak
2026ko urtarriletik irailera bitartean, etxerik gabeko 1.478 pertsona artatu ditu Caritas Gipuzkoak, aurreko urteko aldi berean 1.216 izan ziren bitartean. Azpimarratu behar da kopuru horrek ez duela gure kaleetako etxegabetasunaren une jakin bateko egoera islatzen; izan ere, artatutako pertsona asko beste lurralde batzuetara bidean daude, edo baliteke denbora horretan haien egoera aldatu izana.
Lagundutako pertsonen profilak ere agerian uzten du gizarteratzeko aukerak sortzearen garrantzia. % 85ek 18 eta 44 urte bitartean dituzte, eta % 96 atzerritar jatorrikoak dira. Etxebizitza eskuratzeko zailtasunei, kasu askotan, administrazio- eta lan-arloko oztopoak eta laguntza-sarerik eza gehitzen zaizkie.

Gainera, datuek bere horretan dirauen errealitate bat erakusten dute: artatutako hamar pertsonatik ia zortzik (% 79) ez dute inolako ostaturik, 2025eko proportzioaren ia berdina. Horietako askok kalean bizi behar izaten dute, beren bizitza garatzeko espazio seguru eta egonkorrik gabe.
Gainerako % 21ek erakundearen aldi baterako ostatu- eta gizarte-laguntzako baliabideetan igarotzen dute gaua (plaza batzuk Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzartuta daude): Hotzaldi, Aterpe-gaua, Trintxer-Emeki, Sorabilla eta Miriam Etxea. Horrez gain, ostatua ordaintzeko laguntza ekonomikoa eskaintzen duen Etxealdi programa ere badago. Zentro eta proiektu horiek pertsonen egoera desberdinetara egokitzen dira, eta berehalako beharrei erantzuteaz gain, autonomia lortzeko prozesuetan laguntzeko aukera ematen dute.
Erroldatzea, bere horretan dirauen oztopoa
Datuek berriro agerian uzten duten beste errealitate bat erroldatzeko zailtasuna da. Artatutako pertsonen % 63,28 ez daude erroldatuta. Ehuneko hori 2025ekoarekin alderatuta (% 70,9) jaitsi bada ere, oraindik lagundutako hamar pertsonatik seiri baino gehiagori eragiten die.
Gogorarazi nahi dugu erroldatzea funtsezko tresna dela eskubideak, prestazioak eta zerbitzuak benetan eskuratu ahal izateko. Hala ere, bizileku egonkorrik ez duten pertsonentzat, izapide hori egitea gizarteratze-prozesuan beste oztopo bat izan daiteke.
Caritas Gipuzkoak gogorarazi du etxebizitzarik ez izateak ez lukeela eragotzi behar pertsona bat bizi den udalerrian erroldatu ahal izatea. Horregatik, administrazioei prozedura irisgarriak eta arinak ezartzeko eskatu die, baita koordinazio handiagoa izateko ere, eskubide hori bermatzeko eta administrazio-oztopoek bazterketa-egoerak larriagotu ez ditzaten.
Berehalako arretatik harago
Larrialdiko arreta ezinbestekoa bada ere, ezin da etxegabetasunari ematen zaion erantzun bakarra izan. Etxebizitza egonkor bat eskuratzea, eskubideak benetan baliatzea eta prestakuntzarako, enplegurako eta gizartean parte hartzeko aukerak uztartuko dituzten konponbideetarantz aurrera egin behar da. Ildo horretan, azken hilabeteotako ezohiko erregularizazio-prozesua nabarmendu nahi dugu, besteak beste, etxegabetasun-egoeran dauden pertsonentzat ere aukera berriak zabaltzen ari baita. Izan ere, lan egiteko baimena lortu ondoren, pertsona horietako batzuek beren egoera hobetzea eta autonomia handiagoa lortzeko urratsak ematea lortu dute.
Etxebizitzak eztabaida publikoan leku nabarmena duen une honetan, Caritas Gipuzkoak bizitegi-bazterketa egoera larrienetan dauden pertsonengan jarri nahi du arreta. Ostaturik ez izateak ez du soilik bizitzeko lekurik ez izatea esan nahi; osasunean, harreman pertsonaletan, lan-aukeretan eta bizitza-proiektu autonomo bat eraikitzeko aukeretan ere eragina du. Horregatik, etxebizitza-politika publikoak indartzeko beharra azpimarratzen dugu, etxegabetasun-egoeran dauden pertsonentzako erantzun espezifikoak txertatuz eta ostatu duin, seguru eta egonkorra izateko aukerak zabalduz.
Caritas Gipuzkoak berriro azpimarratu du administrazio publikoen eta gizarte-erakundeen arteko konpromiso koordinatua beharrezkoa dela, pertsonek bizitegi-bazterketa egoerak gainditu ahal izan ditzaten. Kalean bizitzea ezin da saihestezineko errealitate gisa normalizatu.