Artatutako 10 pertsonatik 7 erroldatu gabe daude, eta horrek zaildu egiten du eskubide sozialetara irispidea izatea eta laguntza publikoak eskuratzea.
Etxerik Gabeko Pertsonen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Caritas Gipuzkoak gure ingurune hurbileko gizarte- eta egoitza-bazterketaren errealitatea ezagutarazi du berriro. Sentsibilizazioaz eta eragin publikoaz gain, gure erakundeak baditu zenbait zentro, programa eta proiektu pertsona horiei bizi-kalitatea hobetzeko prozesuan lagun egiteko eta autonomia pertsonaleko eta gizarteratzeko prozesuak hasten eta jarraitzen bidelagun izateko.
Arta mantentzea
2025eko lehen 9 hilabeteetan (urtarrilaren 1etik irailaren 30era), Caritas Gipuzkoak etxerik gabeko 1.216 pertsona artatu ditu, 2024an baino % 7,4 gutxiago. Zehaztu behar da datu horiek ez direla kaleko etxegabetasunaren errealitatearen isla zuzena, pertsona askok beste leku batera alde egiten baitute edo aldi baterako irtenbideak aurkitzen baitituzte bizilekuari dagokionez.
Artatutako etxerik gabeko 1.216 pertsonetatik:
- % 90 gizonak dira , % 9 emakumeak dira eta % 1 sailkatu gabe dago.
- % 93 atzerritar jatorrikoak dira, eta % 7k espainiar nazionalitatea dute.
- 1.009 pertsonak (% 83) 18-44 urte dituzte.
Datu horietatik ondorioztatzen denez, batik bat jatorri migratzaileko gizon gazteak dira etxegabetasunagatik artatutakoak. Egoera horiek larriagotu egiten dituzte administrazio-trabek (erroldatzeko arazoek, batez ere), etxebizitza eskuratzeko zailtasunek eta laneratzeko ezintasunek.
Etxerik ez duten 10 pertsonatik 8k ez dute inolako ostaturik
Caritas Gipuzkoaren esku-hartze sozialeko datuen arabera, pertsona horien guztien % 78,8k —1.216tik 958k— ez zuten inolako ostaturik artatu ziren unean. Gainerakoak Caritasen egoitza-zentroetan, harreran edo ostatu desegoki edo ez-seguruetan bizi ziren; adibidez, txaboletan.
Egoera horien aurrean, funtsezkoa da berariazko etxebizitza-politika publikoak bultzatzea, bizitegi-bazterketa larrian dauden pertsonak aintzat hartuta, bizileku-aukera egoki eta egonkorrak eskaintzeko, eta babes sozialeko eta etxebizitza-arloko erakundeen arteko koordinazio eraginkorra ziurtatzea. Caritas Gipuzkoak azpimarratzen du neurri horiek ezinbestekoak direla kronifikazioa geldiarazteko eta bizi-baldintza duinak bermatzeko.
Errolda: eskubideak gauzatzeko giltza
Artatutako 1.216 pertsonetatik, 862 ez daude erroldatuta (% 70,9). 10etik 7 dira. Erroldan agertzen direnen artean, % 10,8 errolda sozialaren bidez ageri dira; % 7,1, Administrazioaren bidez (86 pertsona); eta % 3,7, erakunde sozialen baten bidez (45).
Gogoan izan behar dugu erroldan sartzea dela eskubide sozialetara (osasuna, hezkuntza, prestazioak eta/edo ostatua) irispidea izateko lehen urratsa, hala bazterketa-egoeren kronifikazioa saihesteko. Hori dela eta, Caritasek nabarmentzen du funtsezkoa dela izapideak sinplifikatzea eta arintzea —errolda soziala barne— eta koordinazio instituzionala indartzea.