Caritas Gipuzkoako zerbitzu juridikoa ikasturte honetan abian jarri da berriro, Germana Dovale aholkulariaren eskutik.
Germanak ondo ezagutzen du lana: boluntario gisa hasi zen aspaldi arlo juridikoan, joan den apirilaren zendu zen Abdoulaye Gueyerekin. Oroitzapen kutuna gordetzen du harengandik: “Oso tratu hurbilekoa zen eta lasaitasuna eta segurtasuna transmititzen zekien; konfiantza eta gertutasun handia sortzen zituen hurbiltzen ziren pertsonengan”. Boluntario izan zen garai horretan, lagundutako pertsonen errealitatea gertutik ezagutzeko aukera izan zuen Germanak: “Horrek animatu ninduen lan honekin konpromisoa hartzen jarraitzera”, dio. “Aste hauek egokitzapenerako izan dira, inguruan ditudan lankideen laguntzarekin”.
Aholkularitza juridikoa: aldaketak hitzordua eskatzeko sisteman
Caritas Gipuzkoako zerbitzu juridikoaren jarduera nagusia atzerritartasun eta erregularizazio prozesuen ingurukoa da, baita eskubide eta oinarrizko zerbitzuetarako sarbideak lantzea. Halaber, izapide juridikoei buruzko orientazioa eskaintzen du, pertsonen prozesuak aurrera eramaten laguntzeko. Laguntza tekniko, pedagogiko eta humanizatzailea eskaintzen du, legalitatea duintasunaren eta justizia sozialaren zerbitzura jarriz. Iaz bakarrik, zerbitzu juridikoak 1.810 pertsona artatu zituen, haien eskubideak defendatuz eta berdintasun-aukeretarako zubi gisa izateko helburuarekin.
Germana gogotsu dago etapa berriari ekiteko: “Bulego hau konfiantzazko eta konpromisoko gunea izatea funtsezkoa da, pertsonak entzunak, ulertuak eta seguru sentitu daitezen”. Honez gain, hitzorduak eskatzeko sisteman aldaketa egon dela nabarmendu du Germanak: “Pixka bat irekitzen saiatu gara: hemendik aurrera, hitzorduak edozein unetan telefonoz eskatu ahal izango dira”.
Caritas Gipuzkoako zerbitzu juridikoak astelehenetik ostegunera eskaintzen du arreta, 9:00etatik 14:00etara. Bertaratzeko, ezinbestekoa da aurrez hitzordua hartzea, 943 44 07 44 telefono zenbakian.