fbpx MEMORIA 2020 | Caritas Gipuzkoa Skip to main content
MEMORIA 2020
MEMORIA 2020
MEMORIA CARITAS GIPUZKOA 2020

 

CARITAS GIPUZKOAk osasun-krisi larri baten testuinguruan aurkeztu du 2020ko memoria; osasun-krisi horrek ondorio sozialak, ekonomikoak eta emozionalak ekarri ditu, oraindik ere ekarriko ditu, eta seguru asko hor iraungo dute datozen urteetan ere. Testuinguru berri horretan, inpaktu sozialeko egoera berriak biltzen eta gure ekarpena egiten ahalegintzen gara, batez ere pandemiaren ondorioz gure lurraldeko pertsonengan sor daitezkeen desparekotasunei erreparatuta. 


PERTSONAK ERDIGUNEAN:

  • 19.425 lagun izan dira Gipuzkoako Caritasen laguntza sozioekonomikoen ONURADUNAK, hau da, 9.024 familia.
  • Erakundean artatutako pertsona horietatik 4.943 berriak izan dira 2020an. Onuradun guztien % 25,4 izan dira. 
  • Parrokia-saretik, zentroetatik eta programetatik emandako zuzeneko laguntza ekonomikoen zenbatekoa 3.211.706 eurokoa izan da. Laguntza horiek Caritasek artatutako familien etxebizitza-gastuei eta biziraupen-gastuei erantzuteko balio izan dute batez ere. 

2020KO MEMORIA HONETAKO IDEIA ESANGURATSUAK


LEHEN ALDIZ CARITASERA JO DUTEN PERTSONEI AURPEGIA JARRI NAHI DIEGU:
Memoria honetan nabarmendu egin nahi dugu zein den 2020. urtean lehen aldiz Caritaseko atea jo beharrean aurkitu diren pertsonen profila eta egoera. 


Hau da pertsona horien profilean aipagarriena:

  • % 55,6 (2.748 pertsona) emakumezkoa da, eta % 44,4 (2.195 pertsona) gizonezkoa. 
  • % 42,8 (2.125 pertsona) 30 urtetik beherakoa da.
  • % 87 (4.300 pertsona) jatorriz atzerritarra da. 
  • % 37,94 pertsona bakarreko familia da.

Pobrezia eta bazterketa gazteagotzen ari dira.


Adinaren ikuspegitik, azken 5 urteetako joerari erreparatzen badiogu, ikusiko dugu gure gizarte-laguntzan artatutako pertsonen profila gazteagotzen joan dela pixkanaka-pixkanaka. Joera hori are nabarmenagoa da pertsona berrien taldean, horien artean 30 urtetik beherakoa baita % 42,8. 


Ezinbestekoa da gure erantzunetan hori oso kontuan izatea, etorkizun eta bizi-proiektu autonomoa eta duina eraikitzeko beharra duen kolektibo gazte hori kronifikatu eta estigmatizatu ez dadin. Eta horrez gainera, politika publikoek gazteentzako gizarte-laguntzak areagotu ditzatela eskatu behar dugu.


Migratzaileak eta etxerik gabeko pertsonak dira kolektibo baztertuenak eta babes gutxien dutenak.


Bereziki kezkatzen gaitu migratzaileen egoerak, haiek dituztelako zailtasun handienak: 
•    Enplegu formala eskuratzeko eta, hala, bizitzeko behar adinako diru-sarrerak izateko, 
•    Etxebizitza egokia eskuratzeko, 
•    Erregularizazio administratiboa lortzeko, 
•    Eta gainera, ez dute familia-sarearen babesik.


Eskubide sozialak eskuratzeko zailtasun horien ondorioz eta familiaren babesik ez izatearen ondorioz, kolektibo hori da gizarte-babes handiena behar duena bizi den gizarteko partaide sentitzeko. 


Horren harira, Gipuzkoako Caritasen iritziz, tamalgarria da orain aste batzuk igarobidean zegoen migratzaile gazte bat hil izana, eta horren harira, migrazio-politika bidezkoagoa eskatzen du, giza eskubideak errespetatzen eta babesten dituena; gainera, migratzaileentzako laguntza-programak antola daitezela ere eskatzen du, migratzaile horiek beren gizarte-beharrak ase ditzatela bermatzeko.


Pandemiak agerian utzi du zenbat diren gure hirietako kaleetan lo egiten duten etxerik gabeko pertsonak. Premiazkoa da Etxerik gabeko Pertsonentzako Euskal Estrategian (2017-2021) sakontzea, administrazio publikoaren alor guztietan erabakigarritasun politiko handiagoz jokatuta, etxebizitzako, osasuneko eta gizarte-akonpainamenduko beharrei aurre egin ahal izateko, eta hala, kolektibo hori gizartean, lan-munduan edo komunitatean txertatzea ziurtatzeko. Datozen urteetan, ahalegin publiko handiagoa egin behar dugu etxerik ez izatearen errealitate sozial gogor horri erantzuteko; besteak beste, bizileku-laguntzako prebentzio-politiken bidez, egoera hori areagotu ez dadin.


Gizarte-isolamendua areagotu egin da.


Pandemiaren hasieratik artatu dugun pertsona bakarreko etxebizitzen kopurua nabarmen areagotu da. Adingabeak dituzten etxebizitza berrien kopurua % 50,66koa den arren, goranzko joera berri horrek adierazten digu Gipuzkoako Caritasera hurbiltzen diren pertsonek lehen mailako harreman gutxi eta laguntzarako harreman gutxi dituztela. 


Pandemiaren gorabeherei aurre egiteko babes ahul horretaz eta gizarte-bakardade horretaz ohartzeak lagundu egin behar digu ekintza eta erantzun egokiak garatzen, gizarte- eta komunitate-harremanak bultzatzeko.


BABES PUBLIKO HANDIAGOA ETA KOMUNITATE-SAREAK SORTZEA.


Babes publikoa izan da beti –eta oraindik ere bada eta izango da– babes sozialik solidarioena, egoera sozial gogorrak pairatzen dituzten pertsonentzat, hala nola langabezia, diru-sarrera baxuak izatea, lan-prekarietatea eta abar pairatzen dituztenenetzat. DSBE (Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta) eta BGE (Bizitzeko Gutxieneko Errenta) prestazio ekonomikoak eta ABEEEak (Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedienteak) izan dira tresnarik onenak bizitza babesteko eta mantentzeko, Euskadiko milaka familiari eman baitiete aukera beren behar materialei erantzuteko (elikadura, arropa, etxebizitza, hornidurak). Horixe da gizarte solidario gisa dugun baliorik handiena, eta, alde horretatik, eskertzen dugu konfinatuan zehar, administrazio publikoek, gizarte-laguntzak emateko irizpideak eta baldintzak malgutzea.


Gizarte-politika horiek dira baliabiderik eraginkorrenak pobreziari eta bazterketari aurre egiteko, baina, hala ere, milaka pertsona eta etxebizitza geratzen dira prestazio horietatik kanpo, eta, beraz, ezin dute gutxieneko gizarte-babesik eskuratu. Ildo horretatik, gogora ekarri nahi dugu BGEa abian jarri zenetik urtebete igaro bada ere, oraindik ere ez dela iritsi baldintzak behar bezala betetzen dituzten pertsona guztiak babestera.


Antza denez, bakardadeak, gizarte-isolamenduak eta inguruan familia-sarerik ez izateak edo familia-sare gutxi izateak argi adierazten digu beharrezkoa dela gure auzoetan gizarte-harremanak sortzeko konpromisoari berriro heltzea. Alde horretatik, Caritasek bere gizarte-ekintzaren ereduan ikuspegi komunitarioa duenez, funtzio garrantzitsua betetzen du laguntza-sare informal horiek sortzen, bakardadea murrizten laguntzeko. Gure aurtengo karitatearen kanpainak ere honela proposatzen du: Izan gaitezen HerriKide, izan gaitezen elkar entzuten duten, laguntzen duten eta komunitateko bizitzari eusten dioten bizilagunak.

 

MEMORIA

CARITAS EUSKADIren MEMORIA

 

 

Egin dohaintza edo elkartu gure lanarekin

Elkarlanean aritu gure herri eta hirietan behar gehien duten pertsonei laguntzeko. Zure ekarpenak lagun ditugun pertsonen eta familien bizitza hobetzen du. Elkarrekin gizarte justuagoa eraikitzen dugu.