fbpx Miriam Etxea egoitza berria: itxaropen-gunea gizarte bazterketan dauden emakumeentzat | Caritas Gipuzkoa Skip to main content
Miriam Etxea egoitza berria: itxaropen-gunea gizarte bazterketan dauden emakumeentzat
Miriam Etxea egoitza berria: itxaropen-gunea gizarte bazterketan dauden emakumeentzat
MiriamE

Caritas Gipuzkoak Miriam Etxea ireki du gaur, babesgabetasun eta bazterketa sozialeko egoerak bizi dituzten emakume helduei laguntzeko pentsatutako etxe berri bat. Inaugurazioa 12:30ean izan da, Errenteriako Agustindarren komentuan. Espazioa eskuzabaltasunez laga du Elizbarrutiari, proiektuari modu aktibo eta abegitsuan batu zaizkion Agustindar amen komunitateak.

Ekitaldian parte hartu dute Fernando Prado gotzainak, Mikel Aranguren bikario nagusiak, Agustindarren komunitateak, Caritas Gipuzkoako zuzendaritzak eta egunerokoan zentroan izango diren profesional eta boluntarioek; baita une berezi horretan lagun egin nahi izan duten beste pertsona askok ere.

 

Zaintzeko eta aukerak irekitzeko nahitik jaiotako proiektu bat

Miriam Etxea elizbarrutiko zeinu gisa jaio da, Itxaropenaren Jubileuari amaiera bikaina emateko. Haren jatorria estuki lotuta dago gotzainak adierazitako nahiari, zeinak amets egiten baitzuen egoera ahulean zeuden emakumeei etxean bezala sentiaraztearekin, aintzatetsita eta lagunduta. Caritas Gipuzkoak modu berezian eskertu du hark emandako bultzada, nahi hori proiektu aitzindaria eta beharrezkoa; proiektu zehatza eta biziz betea bihurtzea ahalbidetu baitu. 

 

Bazterketa-egoera “ikusezinean” dauden emakumeak, leku seguru bat behar dutenak

Lehenengo sei emakumeak gaur iritsi dira Miriam Etxera, beren bizi-prozesuari ekiteko. 30 eta 45 urte bitarte dituzte, eta guztiek partekatzen dute hauskortasunak eta aukera-faltak markatutako istorio bat. Guztiak dira migratzaileak, hainbat lekutatik eta kultura oso desberdinetatik etorritakoak.

Kasu askotan, bazterketa-egoera “ikusezinean” bizi diren emakumeak dira: itxuraz bizimodu normalizatua dute, baina ez dute ez bizileku-baimenik ez lan-baimenik, ez dute osasun-zerbitzuetarako sarbiderik, ez dute laguntza publikorik eskatzeko aukerarik, eta, kasu askotan, ez dute gutxieneko babes-sarerik. Bizitzan zehar hainbat motatako indarkeriei aurre egin diete, eta oso baldintza gogorretan eta isilean bizi behar izan dituzte eguneroko gorabeherak.

Gaur, urrats garrantzitsu bat ematen dute, beren bizi-proiektua laguntzarekin eta konfiantzaz berregin dezaketen leku batera iritsi baitira, etxegabetasuna eta muturreko bazterkeria ekiditea ahalbidetuko diena. 

 

Berriro hasteko etxe bat

Miriam Etxeak ateak ireki ditu sei banako gelarekin eta elkarrekin bizitzera, ikastera eta eguneroko bizitza partekatzera gonbidatzen duten espazio komunekin. Emakume guztiek izango dute erroldatzeko aukera, funtsezko urratsa baita gizarteratzeko prozesua hasteko eta gizarte-eskubideak eskuratzeko.

Hasiko duten prozesua pertsonalizatua da eta bakoitzaren erritmoa errespetatzen du. Etxeak laguntza ematen die, baina beraiek dira erabateko autonomiarako bidea egingo dutenak. Jatorri desberdinetako emakumeen arteko bizikidetza elkarrekin ikasteko eta komunitatea eraikitzeko aukera ere izango da.

 

Pobreziaren feminizazioa: interpelatzen duen errealitate bat

Bazterketari eta Garapen Sozialari buruzko FOESSAren azken txostenak adierazten duen bezala, Euskadin emakumeak buru dituzten etxe-unitateen bazterketa-tasa gizonak buru dituzten etxe-unitateen tasa baino 5 puntu handiagoa da; zehazki, % 15,4koa eta % 10ekoa dira, hurrenez hurren. Arrakala hori are handiagoa da Estatu osoa aintzat hartzen badugu; bertan, bazterkeria-egoeran dauden emakumeak buru dituzten etxe-unitateen tasa % 24,3 baita, eta gizonak buru dituzten etxe-unitateen tasa, berriz, % 17,1. 

Etxebizitza, enplegu egonkorra edo babes publikoa lortzeko zailtasunak areagotu egiten dira emakume migratzaileen artean, eta horrek areagotu egiten du Miriam Etxea bezalako baliabide espezializatuen beharra.

Horrela, egoitzak errealitate horiei erantzun zehatz eta hurbila eman nahi die. Babestuak eta lagunduak sentiaraziko dituen eta beren bizitza duintasunez berreraikitzeko aukera izango duten leku bat.

 

Auzoari eta komunitateari irekitako etxe bat

Miriam Etxea bokazio komunitario argiarekin jaio da. Auzoari irekitako etxea izan nahi du, loturak ehuntzeko, zaintzak batzeko eta harreman osasuntsu eta eraldatzaileak sortzeko gai den espazio bat. Gaurko inaugurazioarekin apurka-apurka pertsona gehiagorengana zabalduko den proiektua jarri da abian; proiektu apala oraingoz, baina handia esperantzan eta bizitzak aldatzeko gaitasunean.

 

Egin dohaintza edo elkartu gure lanarekin

Elkarlanean aritu gure herri eta hirietan behar gehien duten pertsonei laguntzeko. Zure ekarpenak lagun ditugun pertsonen eta familien bizitza hobetzen du. Elkarrekin gizarte justuagoa eraikitzen dugu.