Gizarte-erakundeetako, administrazio publikoetako eta gizarte-eremuko profesionalen ia ehun ordezkari bildu ziren ekainaren 5ean Caritas Gipuzkoak bere 60. urteurrenaren harira antolatutako FOESSA-Euskadi 2025 jardunaldi teknikoan. Topaketaren helburua FOESSA Euskadi txostenaren ondorioetatik abiatuta euskal gizarteak dituen erronka nagusiak aztertzea izan zen, eta desberdintasun eta bazterketa modu berrien aurrean beharrezkoak diren erantzunei buruz hausnartzea.
Jardunaldia Gipuzkoako Medikuen Elkargo Ofizialaren egoitzan egin zen, eta Caritas Gipuzkoak eskerrak eman nahi dizkio bere instalazioak erabiltzeko aukera emateagatik. Lucía Arboniés biolontxelo-jotzailearen musikak girotu zituen topaketaren hasiera eta amaiera.
Irekiera instituzionalean Fernando Prado Ayuso Donostiako gotzainak, María Jesús Idoeta Madariaga Donostiako Udaleko Gizarte Zerbitzuetako eta Ekintza Komunitarioko zinegotzi ordezkariak, Ivan Larraza Vila Eusko Jaurlaritzako Ongizateko sailburuordeak eta Eider Mendoza Larrañaga Gipuzkoako ahaldun nagusiak parte hartu zuten. Guztiek bat egin zuten gizarte-kohesioa indartzen eta gaur egungo erronken aurrean erantzun partekatuak eraikitzen jarraitzeko beharra azpimarratzean.
Gizarte-kohesioa, eraldatzen ari den gizarte baten erronka
Sebastián Mora FOESSA Fundazioaren zuzendari exekutibo ohiak hausnarketarako gunea ireki zuen, hazkunde ekonomikoa ez dela beti gizarte-aurrerapen bihurtzen ohartaraziz. Pobrezia eta bazterketa ez direla norbanakoen erabakien ondorio gogorarazi zuen, pertsona askoren aukerak mugatzen dituzten egiturazko dinamiken emaitza baizik.
Era berean, gero eta indibidualistagoa eta lotura sozial ahulagoak dituen gizarte batek sortzen dion kezka adierazi zuen. Haren esanetan, aberastasunaren transmisio desorekatuak pobrezia eta bazterketa kronifikatzen laguntzen du. Hala ere, FOESSA txostenak erakusten du herritarrek oraindik ere zerbitzu publikoengan eta ongizate-estatuarengan konfiantza dutela. Ildo horretan, Morak adierazi zuen «erronka ongizatearen gizarte batetik ongi-zaintzearen gizartera igarotzea dela».
Gizarte-bazterketa gero eta konplexuagoa
Marina Sánchez-Sierra FOESSA txosteneko batzorde teknikoko kideak Euskadiri buruzko azterlanaren ondorio nagusiak aurkeztu zituen. Inklusio-adierazleak Estatukoak baino hobeak diren arren, inklusio prekarioaren hazkundea eta pertsona askok, ahaleginak egin arren, aurrera egiteko aurkitzen dituzten zailtasunak nabarmendu zituen. «Bazterketa indar handiagoz kanporatzen gaituen espirala da», adierazi zuen.
Gogorarazi zuen bazterketa-egoeran dauden lau etxetik hiruk beren egoera hobetzeko estrategiak aktibatzen dituztela, eta ohartarazi zuen lan-prekarietateak eta etxebizitzaren kostuak familia askoren bizi-proiektu egonkorrak eraikitzeko gaitasuna ahultzen ari direla. Egoera horren aurrean, gaur egungo erronkei erantzuteko gai izango den itun sozial berri bat bultzatzeko beharra defendatu zuen.
Garai berri baterako gizarte arrisku berriak
Joseba Zalakain SiiSeko zuzendariak Euskadiko desberdintasunen eta politika publikoen bilakaera aztertu zuen. Azaldu zuenez, 2008tik hona herritarren zati handi batek erosahalmena galdu du, eta adierazi zuen gizarte-babeseko sistemak arrisku tradizional batzuei nahiko ondo erantzuten dien arren, zailtasun handiagoak dituela errealitate berriei aurre egiteko, hala nola guraso bakarreko familien egoerari, lan-prekarietateari edo etxebizitza eskuratzeko arazoei.
Era berean, gizarte-kohesioa indartzeko politika fiskalak eta etxebizitza-politikak berriz pentsatzeko beharra azpimarratu zuen. «Ezin dugu orain arte bezala jarraitu, horrek sistema eta gizarte-kohesioa ahultzera baitaramatza», adierazi zuen.
Erakunde publikoen erantzukizuna erronka hauen aurrean, eta hirugarren sektore sozialaren papera
Jardunaldiak ongizate-estatuaren etorkizunari eta desberdintasun iraunkor eta berrien aurrean hirugarren sektoreak duen zereginari buruzko bi mahai-ingururekin jarraitu zuen aurrera.
Lehenengoan, Miguel de los Toyos Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuordeak, Sara Buesa Eusko Jaurlaritzako Inklusioko zuzendariak eta Belén Larrión Gipuzkoako Foru Aldundiko Haurren Babeseko eta Gizarte Inklusioko zuzendari nagusiak parte hartu zuten. Foro horretan, besteak beste, etxebizitza publikoaren eskari gero eta handiagoari erantzuteko zailtasunak, politika publikoetatik kanpo geratzen ari diren pertsonak identifikatzeko beharra eta gizarte-kohesioa zaintzeko guztionaren zentzua indartzearen garrantzia izan zituzten hizpide.
Bigarren mahaiak hirugarren sektore sozialeko hainbat erakunde eta elkarteren ahotsa ekarri zuen. Bertan, Roberto Folgueirak, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Behatokiko ordezkari gisa; Alfonso Lópezek, EAPN Euskadiren izenean; Peio Aierbek, Sargiren izenean; eta Natalia Martínezek, Hàbitat 3ren ordezkari gisa, parte hartu zuten. Guztiek mahai gainean jarri zituzten gaur egun bere lana garatzeko aurre egin behar dieten erronkak eta egungo ereduak dituen mugak.
Eraldatzeko, ebaluatu
FOESSAri buruzko jardunaldi teknikoa amaitzeko, Fernando Fantovak, Besaldiko arduradunak, Eusko Jaurlaritzako enplegu eta inklusio politikak ebaluatzeko organoak, hartu zuen hitza. Bere gaitasun eraldatzailea areagotzeko, politika publikoak hobeto ebaluatzearen garrantzia defendatu zuen.
«Eragina egituretara iristen denean izango da errealitatea benetan eraldatzea lortzen dugunean», adierazi zuen. Eta itxaropen mezu bat gaineratu zuen: «Ezinezkoaren ertzean gaude, baina posible da».
Amaiera instituzionala José Ramón Aramendi Caritas Gipuzkoako zuzendariaren esku izan zen. Honek eskerrak eman zizkien jardunaldian parte hartu zuten hizlari, erakundeetako ordezkari, gizarte-erakunde eta profesionalei eztabaida beraien ekarpen eta galderekin aberastu izanagatik.
Jardunaldi guztian zehar ideia partekatu bat nagusitu zen: gizarte-kohesioa mantentzea guztion erronka dela, eta erronka horri aurre egiteko administrazio publikoen, hirugarren sektorearen eta herritar guztien inplikazioa beharrezkoa dela, inor atzean gera ez dadin.