
Joan den igandean, urtarrilak 5, kalera atera ginen berriro Caritas Gipuzkoako Opil Solidario tradizionala ospatzera. Eta seigarren urtea da jada.
Goiz hunkigarria izan zen, non boluntarioak, lagundutako pertsonak eta Caritas Gipuzkoako langileak gure ahotsak batu genituen berriro, inguruko haurrek eta gazteek bizi dituzten bazterketa eta pobrezia egoerak ikusarazteko. Aurtengoan, etxebizitza ezak haurtzaroan duen eraginari erreparatu genion bereziki, izan ere, Caritasen adingabeak zaintzen dituzten familiak kalean bizitzen edo kalean bizitzeko arriskuan daudela antzematen hasiak gara.
Gozoa elkarteko artisauen lankidetzari esker, 1.500 opil zati eskaini genituen eta horietatik 1.400 saldu ziren. Bildutako diru guztia familiei zuzendutako etxebizitza-programei bideratuko da, bereziki Zubia programara eta alokairuak zein oinarrizko hornidurak ordaintzeko balio duten laguntza ekonomikoetara. Hemendik, mila esker, opil zati bat partekatzera hurbildu zineten guztioi. Gainerako 100 opil zatiak Aterpe jantoki sozialean eta Trintxer-Emeki egoitza-zentroan egunero bazkaltzen duten pertsonen postrea izan ziren.
Musika giro aparta izan genuen berrikuntza gisa, eguraldia lagun izan genuen goiz honetan. Txistularien doinuekin hasi ginen, jarraian Bi-Bost taldearen gabon-kantuekin. Zarautz-Andoaingo otxote eta dantza talde batek eguerdia alaitu zuten, opil zatia dastatzen genuen bitartean. Haur, gazte eta nagusi ugari hurbildu ziren familia askorentzat tradizio bihurtzen ari den ekitaldi honi bizia eta kolorea ematera. Urtero bezala, gure gotzaina, Fernando Prado, ere bertan izan zen; Caritas Gipuzkoako Patxi Aizpitarte delegatuarekin, José Emilio Lafuente idazkari nagusiarekin eta Kontxi Elexpe administrariarekin opila partekatzera.
Azken finean, egun borobila, Caritasen boluntarioen inplikaziorik gabe ezinezkoa izango zena. Urtero bezala, arduraz eta mimoz, opilak zatitu, poltsatxoak prestatu eta euren irribarrerik zintzoena eskaini zuten Errege Eguna bezperan, Gipuzkoa plazan. Mila esker, benetan. Eskerrik asko, halaber, Opil Solidarioa errealitate bihurtzen laguntzen duzuen lagun guztiei: Gozoa elkartea, zuen gozo bikainengatik; Gureak, txokolate beroagatik; Eroski, gailetengatik; Ékolo, zukuengatik; eta Komaidak, Envaseko, Panchito, Usabiaga eta Caja Rural de Navarra, aurkezpena bikaina izan dadin laguntzeagatik.
Guztion ardura delako gizarte justuago bat lortzea, non familia guztiek etxebizitza duin bat izango duten. Mila esker.
