fbpx Artatutako etxerik gabeko 10 pertsonetatik 6k ez du erroldarik | Caritas Gipuzkoa Skip to main content
Artatutako etxerik gabeko 10 pertsonetatik 6k ez du erroldarik
Artatutako etxerik gabeko 10 pertsonetatik 6k ez du erroldarik
rp_psh24

   Beste urte batez, Caritas Gipuzkoak Etxerik Gabeko Pertsonen Munduko Eguna (urriak 27) baliatzen du gure inguruko etxegabetasunaren errealitatea ezagutarazteko, bai eta gizarte eta bizileku bazterketa egoeran dauden gizon-emakumeei erantzuteko bultzatzen dituen programak ere. Gure helburua haien bizi-kalitatea hobetzeko bidean laguntzea da, autonomia pertsonaleko eta gizarteratzeko prozesuak hasiz edo jarraituz.

   

    Arreta handitu da

   Urteko lehen 9 hilabeteetan (urtarrilaren 1etik irailaren 30rera), Caritas Gipuzkoak etxerik gabeko 1.313 pertsona artatu ditu, hau da, 2023an baino %73 gehiago (758 pertsonari 2023an). Gogorarazi beharrekoa da igoera horrek ez duela esan nahi kalean bizi diren pertsonen kopurua proportzio berean hazi denik; izan ere, horietako asko beste leku batera joaten dira edo aldi baterako bizileku-irtenbidea aurkitzen dute. Hazkundearen arrazoien artean, migraziofluxuen handitzea dago eta baita zerbitzuan egindako hobekuntzak (pertsona gehiago lehenengo arretan eta erabiltzen ditugun erreminten aldaketa, besteak beste).

   2024ko irailera arte artatutako 1.313 pertsonetatik:

  • 1.191 gizonezkoak dira (%90,7) eta 122, emakumeak (%9,3)
  • 1.213k atzerritako jatorria dute (%92,4) y 100k, estatukoa (%7,6)
  • 1.139k 44 urte baino gutxiago dituzte (%86,7)

  Datu hauek berresten dute etxegabetasunak gizonezkoei eragiten diela batez ere, gehienak gazteak eta migratzaileak. Gizarte-bazterketa larriko egoera horiek hainbat faktorek eragiten dituzte; horien artean garrantzitsuenak, atzerritartasun legeak ezarritako oztopoak edo/eta errolda, etxebizitza edo enplegua lortzeko zailtasunak.

 

   10etik 7k ez du bizilekurik

   Caritas Gipuzkoaren esku-hartze sozialetik ondorioztatzen diren datuen arabera, lagundutako pertsonen %69,3k (910 guztira) ez du inolako bizitokirik, horrek erakusten du talde honetan ematen den bizitegi-bazterketaren larritasuna. Puntu honetan, Etxerik Gabeko Pertsonen II. Euskal Estrategiak gogora ekarri nahi dugu, “kolektibo kaltebera horri proaktiboki zuzendutako etxebizitza-politika publikoak ezartzearen garrantzia” azpimarratzen duena. Zehazki, 2. neurrian, “bizitegi-bazterketa larrian dauden pertsonentzako bizitegi-alternatiba egokiak eskaintzea, gizarte-babesean eta etxebizitzan eskumena duen saila ekimen horren buru dela” proposatzen du. Caritas Gipuzkoak ekintza hauek ezinbestekoak direla argi du, bizitoki gabeziari aurre egin eta egoera honetan dauden pertsonen bizi-kalitatea hobetu nahi bada.

 

    Errolda: eskubideak bermatzeko giltza eta gizarteratzeko prozesuari ekiteko beharrezkoa

   Caritas Gipuzkoak kezka bereziarekin ikusten du artatutako etxerik gabeko pertsonen %60,5ek ez duela erroldarik, hau da, 794 pertsonak. Gogoratu behar da errolda ezinbesteko baldintza dela eskubide sozialak eskuratu ahal izateko, hala nola larrialdietarako laguntzak, DSBE, osasun arreta edo hezkuntza. Hori dela eta, beharrezkoa ikusten dugu administrazio publikoek erroldatzeko erraztasunak ematea. Eskaera hau Etxerik Gabeko Pertsonen II. Euskal Estrategiak ere jasotzen du (3. jarraibidea, 8. Neurria: “udalerri batean bizi diren etxerik gabeko pertsonen erroldatzea bultzatu behar da, bizitegi-bazterketa larrian dauden pertsonen erroldatze-prozesuak sinplifikatuz eta arinduz, baita erroldatze sozialaren bidez ere, eta erroldatzearekin lotutako abusuzko jardunbideak azpimarratuz (bizilekurik gabeko erroldatzea, alokairuaren handitzea, etab.)”.

 

   Caritas Gipuzkoa etxegabetasunaren aurrean

   Caritas Gipuzkoak gizarte honetako pertsonarik ahulenekin duen konpromisotik, aurten etxebizitza eskuratzeko zailtasunen (eta haien ondorioen) inguruan 2024-25 ikasturteko sentsibilizazio kanpainak eta ekintzak artikulatzea erabaki dugu. Etxerik Gabeko Pertsonen Munduko Egunarekin bat eginez, urteko lehen kanpaina honetan bizitegi-bazterketa larrian dauden pertsonengan jarri dugu arreta, Etxebizitza eskubidea pertsona guztiontzako lelopean. Honela, Caritas Española konfederazioak urrian bultzatzen duen Etxerik Gabeko Pertsonen kanpainari lotzen gatzaizkio.

   Kanpaina honek Omarren historia pertsonala kontatzen du, ondoren Gipuzkoako etxegabetasunaren errealitatea erakusteko. Horrez gain, hainbat proposamen egiten ditugu honi aurre egiteko, bai administrazio publikoei, bai gizarteari. Besteak beste, etxerik gabeko pertsonei zuzendutako laguntza gehiago eskatzen ditugu, gizarte zerbitzuen arteko koordinazio hobea, larrialdi zerbitzuetarako sarbide arinagoa edo pertsona hauentzako neurri espezifikoak. Herritarrei jarrera kritikoa eskatzen diegu, aurreiritziak eta kriminalizazioa arbuiatuko dituena, baita harrera komunitarioa sustatzea eta pobrezia egoerak ikusaraztea.

   Sentsibilizazio-ekintzez gain, Caritas Gipuzkoak etxerik gabeko pertsonei laguntzeko bost zentro eta programa ditu. Guztiek laguntza psikosoziala eskaintzen dute bertan bizi diren pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin, pertsona bakoitzaren autonomia pertsonala areagotzeko bidean prozesu pertsonalizatuak abian jarriz. Prozesu hau Bidelaguneko hezitzaileekin lehen harremana izanda hasten da; hezitzaileek etxerik gabeko pertsonak entzuten eta orientatzen dituzte Caritas Gipuzkoara iristen direnean.

   Era berean, ezin dugu ahaztu akonpainamendu horretan parte hartzen duten 236 boluntarioen oinarrizko lana. Gizarte eta harreman arloan eskaintzen duten laguntza funtsezkoa da, eta, gainera, etxerik gabeko pertsonak haien ingurune komunitarioekin modu jarraitu eta egonkor batean lotzen dituzte. Zentzu horretan, Caritas Gipuzkoaren programa eta zerbitzu desberdinak ahalegin handia egiten ari dira parte-hartzea eta aisialdiko jarduera inklusiboak sustatzeko, bai eta etxerik gabeko pertsonen eta, oro har, gizartearen artean partekatutako espazioak bultzatzeko ere.

 

PRENTSA OHARRA ESKURATU

 

 

Egin dohaintza edo elkartu gure lanarekin

Elkarlanean aritu gure herri eta hirietan behar gehien duten pertsonei laguntzeko. Zure ekarpenak lagun ditugun pertsonen eta familien bizitza hobetzen du. Elkarrekin gizarte justuagoa eraikitzen dugu.