fbpx Ikasturte berria hastera goaz | Caritas Gipuzkoa Skip to main content
Ikasturte berria hastera goaz
Ikasturte berria hastera goaz
curso

Eklesiastesen liburu bibliko zaharrak adierazten duen bezala, gauza bakoitzarentzako momentu bat dago gure bizitzetan: lan egiteko denbora eta atsedenerako denbora, gozatzeko denbora eta konpromisoa hartzeko denbora, udako oporraldi mereziez disfrutatzeko denbora eta ikasturte berri bat hasteko garaia.


Nahiz eta udan Caritasek “ixten” ez duen (hilabeteotan premiazko beharrak dituzten pertsonei arreta ematen jarraitu du, bai zentroetan eta programetan, bai parrokietako taldeen bitartez), iraila iristearekin batera motorrak berotzen hasi gara, aktiboki eta errendimendu osoan pertsona behartsu eta pobretuenen alde lan egiteko.


Ikasturte hasiera honetan, Caritas iazko ikasturtean lantzen hasi zen hiru gaiei heldu nahi diegu, datozen hilabeteetan jorratzen jarraitzeko. Hauei laugarren gogoeta bat gehitu nahiko nioke, esperantzaren inguruko Jubileu-urtearekin bat eginez. Hauek dira lau unerik garrantzitsuenak, eta, beraz, hasi berri dugun ikasturte honetako erronkak:


1.- Harrera egin eta laguntzen ditugun pertsona eta familia askok bizi duten egoerarik kezkagarrienetako bat etxebizitza bat eskuratzeko zailtasuna da. Hori gertatzen da dagoen eskaintza eskasagatik, alokairuen prezio altuagatik eta diru sarrera edo baliabide eskasengatik. Gainera, horri guztiari, ez gutxitan, erroldatzeko edo alokairu kontratu bat lortzeko zailtasunak gehitu behar zaizkio. Hori dela eta, Caritas Gipuzkoaren ikasturte honetako lau kanpainek errealitate hori izango dute ardatz, eta gai hori ikasturtean zehar egingo diren gainerako ekimenen bitartez ere landuko dugu (Taupagunea, Opil Solidarioa, M8ko manifestua…).


2.- Hasitako prozesuari berriro ekingo diogu eta elizbarrutian erreferentzia izango den Boluntariotza Planaren definizioan aurrera egingo dugu. Prozesu honetan Sebastián Moraren laguntza baliotsua dugu eta hasierako “ikus”-tearen ondoren (datorrena eta aldatzen gaituena) eta ondorengo “epaitzea” (aurrean ditugun erronka handiak), “ekitea” lantzea geratzen zaigu (proposamen errealista bat eratu nahian, ilusionagarria dena eta hobetzeko alderdiak eskainiko dizkiguna). “Ibilian” topaketak proposamen hori zehazten joateko aukera emango digu.


3.- 2024-2027 Plan Estrategikoa garatzen eta antolaketa-eredu berria ezartzen jarraituko dugu, pertsonei eta familiei ematen zaien arreta hobetzeko diseinatutako tresnak, parrokietako eta eskualdetako Caritasei laguntza hurbilagoa eta eraginkorragoa eskaintzeko, eta zentro desberdinetako zerbitzua berritzeko.


4.- Ez dugu ahazten Jubileu-urtearen markoa, datorren abenduaren 24an Erroman hasiko dena. Bere leloak urte hau “Itxaropenaren Erromes” gisa bizitzera gonbidatzen gaitu. Itxaropenak, fedearekin eta karitatearekin batera, funtsezko kristau jarreren triptikoa osatzen dute. Eta sozio-karitatezko pastorala, Caritas barne, leku pribilegiatua bihurtzen da testuinguru honetan gaixoen aldeko itxaropen-keinuak egiteko, desgaitasun larria dutenen edo zahartzaroa bizi dutenen alde; kartzelan daudenen edo espetxea uztea lortu duten gazte eta helduen alde; migratzaile eta errefuxiatuak; etxerik gabeko pertsonen edo egoera ahulean dauden emakumeen alde. Eta kontua ez da soilik zeinu itxaropentsuak “egitea”, baizik eta gu geu, boluntarioak edo pastoraltzako agenteak, langileak eta profesionalak edo arduradunak, itxaropen-zeinu biziak izatea.

 

Ilusio partekatuaren mezu honekin batera, Caritas Gipuzkoaren hurrengo hilabeteetarako egutegia bidaltzen dizuegu.
Ikasturte hasiera ona,

Patxi Aizpitarte, Caritas Gipuzkoako gotzain-ordezkaria.

2024-25 EGUTEGIA

 

BOLUNTARIOTZA PLANA

 

2024-27 PLAN ESTRATEGIKOA

 

Egin dohaintza edo elkartu gure lanarekin

Elkarlanean aritu gure herri eta hirietan behar gehien duten pertsonei laguntzeko. Zure ekarpenak lagun ditugun pertsonen eta familien bizitza hobetzen du. Elkarrekin gizarte justuagoa eraikitzen dugu.